Nekazalturismo Landetxea

Ondarearen Interpretaziorako Zentroa

Ongi etorri La Behetriara

Hemen gaude

 

La Behetria bi eraikin, patioa eta 2000 metro karratu inguruko lursail batek eratzen dute, Peñalba de Manzanedo herriaren eliza erromaniko xumearen aurrean kokaturik. Peñalba hamabi bat etxek osatu eta La Rad izeneko harkaitzak babesten duen gain batean kokatuta dagoen herri txikia da. Hegoaldera irekia, Manzanedo Aranean eguzki ordu gehien gozatzen dituen herria da. Etxea bere osotasunean kare harriz eta haritz egurrez eraikia izan zen 1859. urtean. Bere ondoan, etxeko patioa ixten duen lastategia dago, hauxe ere kare harriz eta haritz egurrez egina. Patiorako sarrera herriko kale bakarretik egiten da, egurrezko ate handi bat igarota. Etxearen eta lastategiaren atzekaldean lursail xarmant bat zabaltzen da hego-mendebalderantza. Bertatik ikuspegi ezin ederragoaz gozatzeko aukera dago, paraje horretan aurreko herria den Consortes etxe-multzoa ikusi daitekeelarik, Arrebako Gaztelutik Las Palancas-eko mehakaraino doan gailurreriaren azpian.

 

Etxea, lastategia, patioa eta lursailak osatzen duten multzo hau "La Behetria" bezala izendatu dute bere egungo jabeek, hau da, guk: Eulàlia eta Erramun.Behetriak, "bien fetrias" edo "benefactorias", Goiz Erdi Aroko jaurgo mota bat izan ziren, hauen ezaugarri nagusia basailu laborariek euren jaunak "aukeratzen" zituztela izanik, jaun hauengatik babesa lortzeko, nahiz eta jaunek laster topatu zuten basailuek eurak aukeratzeko beste aukera askorik ez izatea. Gaztelan existitzen ziren jaurgo ezberdinen egoera aztertzeko xedez XIV. mendean Pedro I -ak, historiografia ofizialean "Ankerra" izenondoarekin ezaguna, eginarazitako ikerketa baten emaitza "Becerro de las Behetrías" liburu ospetsuaren agertzea izan zen, zeinetan Peñalba de Manzanedo aipatua agertzen den. Gaztelako Foru Zaharrak titulo oso bat eskaintzen zien Behetriei. Gure etxeari izen hau ipintzerakoan, gure eta etxearen arteko harremana nola sentitzen dugun adierazi nahi dugu, zentzu bikoitzean: etxe hau gu babestu eta gure proiektuak aurrera eramaten baimenduko digun jauntzat aukeratu dugun basailuak gara gu; baina, aldi berean, etxeak ere gu aukeratu gaitu bere jaunak izan gaitezen, narriaduratik salbatu eta giza-bizitzarako berreskuratu dezagun.

 

Ebro Garaiaren eremuan dago kokatuta Manzanedo Arana. Aranaren zati handi bat "Rudron eta Ebro Garaiko Arroilak" bezala ezagutzen den Espazio Naturalaren barruan sartzen da. Arana altuera ertaineko mendiz osatuta dago eta atlantiar-mediterranear trantsiziozko klima eta landaretza duen espazio naturala osatzen du. Merindadeetako eskualdean dago kokatuta, Gaztelako Konterria sortu eta gaztelania hizkuntzaren jatorria kokatzen den lurretan alegia.

 

Peñalba de Manzanedo gain txiki batean dago, eta honen azpitik azkar igarotzen dira herritik kilometro batzutara, Piscarcianoko kobetan, jaiotzen den Trifon errekaren urak, gero Ebro ibaian bukatzera doazenak. Herria artadi eta harizti arbatsuek inguratzen dute, eta hauetan dozenaka animali ezberdin izkutatzen dira.

 

© La Behetría, 2007 ~ labehetria@gmail.com
Tel. 947 57 35 90 Sakelekoa: 619 54 53 90 ~